XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldizk.- Orduan, gutxi edo gehiago eztia urtero ateratzen zenuen?

Ant.- Eztia erraz atera eta erraz saldu. Iparraldeko bati saltzen genion eztia. Ateratzen genuen dena. Judoko irakaslea zen eta familiarentzat eta ikasleentzat urteko eztia eramaten zuen. Nik orain ahal banu, irrikaz beterik erakusten du aurpegia.

Aldizk.- Antonio, grina bai!

Ant.- Baai, hil arte!

Aldizk.- Laurogei urte beterik dituen gizona dugu solaskide. Ni neu erabat txunditurik nauka, garajea hain ordenatua ikusita. Ezker-eskuin eta atetik sartu eta aurrera begira erlauntzak, koadroak, tramankuluak... gauza guztiak apaletan txukun-txukun jarrita ikusten ditut. Antonio zuk zer lanbide izan duzu?

Ant.- Ni pobre seguru horietakoa izana eta naizena. Zenbateko pentsioa daukadan esango banizue! Beste gauza bat erakutsi behar dizuet orain. Orgatxo bat, biltzen dena eta gurpil bakarrekoa, erlauntzak bideskarik estuenean ere garraiatu ahal izateko baliagarri dena. Begira gurpila, nahi den moduan, hiruzpalau posizio desberdin hartzeko prestatua dago. Beste bat ere badut baina hau hobea eta egokiagoa da erabiltzeko.

Aldizk.- Antonio, nola moldatu zara tramankulu hauek denak egiteko?

Ant.- Ahal den bezala. Gauza batzuk neuk eginak dira eta beste batzuk Land Rover eta Pegaso kamioien piezak erabiliz moldatu ditut.

Aldiz.- Luxu handiko jokabidea da zurea, Antonio, gu bezalako erlezain batentzat.

Ant.- Bai hala izango da, baina gauza bat esango dizut. Nik orain ere minutu bat ez daukat libre eta asperturik ibiltzeko. Ez naiz aspertzen, beti zerbait badut egiteko. Gauza gehiago baditut oraindik zuei erakusteko. Koadroak nola garbitzen dituzue? galdegin dit hori eta horrenbestez.

Aldizk.- Nik neuk argizaria urtzeko kaldera handi batean sartzen ditut eta hura urtzean, koadroak bero daudelarik, espatula dantzatuz.

Ant.- Nik ez bada. Nik alanbrezko (alanbre fina) eskuila honekin garbitzen ditut bai koadroak eta bai erreginaren bereizgailua.